domingo, 10 de mayo de 2015

Kirolaren hasiera eta bere sarrera Espainian eta Euskal Herrian (1900. arte ggb)


Kirolaren garapen hau ulertzeko, beharrezkoa da garai hartako egoera (sozial, politiko …) ulertzea, eta garai honetako joera aipagarriena industria iraultza izan zen, liberalismoaren eta kapitalismoaren sarrerarekin batera:  garai hartara arte nekazaritza zegoen indarrean, eta herritarrek herri lurretatik lortzen zuten uzta, elkarren artean banatuz, lur horiek herri guztiaren eskutan baitzeuden. Beraz, esan daiteke garai hartan herritarren bizimodua landa eremuan eta nekazaritzan oinarritzen zela. Baina pixkanaka-pixkanaka, lurrak pribatizatzen hasi ziren; hau da, herriarenak izatetik gutxi batzuen eskuetan egotera pasa ziren. Horrela, jabe boteredun batzuk lur eremu handiak bereganatu zituzten (mugak ezarri zituzten beste lurrekin bereizteko …), eta nekazari xumeak aldiz lurrik gabe geratu ziren, eta beraz ez zeukaten biziraupenerako beharrezkoa zuten uzta nondik atera.
Honengatik, lurrik gabe geratutako familia ugarik hirietara emigratu behar izan zuten, eta honek hirietako populazioa izugarri haztea eragin zuen. Honekin batera, fabrika berriak sortzen hasi ziren, eta landa eremutik hirietara hurbildutako nekazariak bertan hasi ziren lanean, proletargoa izeneko klase soziala sortuz (lanerako euren esku indarra eta seme alabena besterik ez zuten, ez zuten beste inolako botererik). Beraz, industria pasa zen garai hartako ekonomia eta gizarte egituren oinarri izatera, hau da, industria iraultza bat eman zen (honengatik, garai honi industria iraultza deritzo).  Hasiera batean, langile hauek esplotatuak izan ziren; Baina gerora, esplotazio horren aurka hainbat erreforma jarri ziren martxan liberalismoaren sorrerarekin batera,  eta erreforma hauen ondorioz industrializazioak lortutako ekoizpenek eta etekinek ere gora egin zuten. Honek baliabideen hobekuntza bat  ekarri zuen, eta honekin batera, langileek aisialdirako ere denbora gehiago zuten. Orduan, populazioaren zati handi bat denbora libre horretan jarduera fisikoa burutzen hasi zen (jada ez zuen goi klaseak bakarrik praktikatzen kirola), eta horrek kirolaren garapen handia ekarri zuen.
Garapen honekin batera, XVIII. Mendearen erdialdean (1740-50 bitartean)  kiroleko lehen araudiak idazten hasiko ziren , besteak beste zaldi lasterketetan, boxeoan  eta criquetean.
Esan beharra dago kirol ingelesaren garapen hau garaiko egoera sozialaren isla izan zirela: kirolek gizarteko zenbait egoera adierazten zituzten (boxeoak kaleko borrokak adibidez) eta sortutako arauak ere gizarte garapenarekin bat zetozen.
Patroitza kirola
Gainera, patroitza kirolaren eredua ere garai honetan hasi zen loratzen: Landa eremuko jauntxoek lehen klubak antolatu zituzten, criquet partidak, oin-lasterketak… jokatzeko. Horrela, klub horietan nekazariak aritzen ziren, konderri bakoitzekoak zegokien klubean, eta txapelketak antolatzen zituzten euren artean.  Testuinguru honetan agertu zen lehen aldiz apustua: Partida eta txapelketa hauetan hasi ziren lehenengo apustuak egiten.
Lehia giroa areagotuz joan zen, eta horrela, jauntxoak beraien taldera joko horietan ongi moldatzen ziren nekazariak eramaten hasi ziren, nekazariak erdi profesional bihurtu zirelarik, batez ere criquetean.
Gerora, jauntxoak Londresera joatearekin batera (urtearen zati handiena bertan pasatzen zuten, ekonomikoki abantaila handiak eskaintzen baitztuen), apostua ere beratara irisi zen  criquet partidetan, zaldi lasterketetan, eta batez  ere boxeoan. Baina boxeoan apustuek bortizkeria izugarri areagotzen zuten, eta beraz babes neurri batzuk hartu ziren.
Bestalde, apustua Londresera hedatzearekin batera, beste zenbait hiri handietara ere hedatu zen, eta lehen kirol instituzio modernoak ere mende honetan hasi ziren sortzen
Araudien hedapena eta berrikuntzak
Esan bezala, ingelesek zaldi lasterketak, boxeoa eta criqueta bezalako jokoen araudiak idazten hasi ziren, apustuak nola erabaki behar ziren zehazteko, eta hauek izan ziren kiroleko lehenengo araudiak. Araudi horietan oinarrituz, poliki-poliki ingelesak beste zenbait kirol arautuz joan ziren (futbola, golfa, atletismoa …) eta araudiak sortzearekin batera hainbat berrikuntza ere ekarri zituzten: atletismoan eta igeriketan distantzia desberdinak bereiztea eta denbora kontutan hartzen hastea, besteak beste.
Aurrez aipatutakoez gain, beste hainbat ekarpen ere egin zizkion gizarte ingelesak kirolari: “handicap” izeneko fenomenoa sortu zuten  lasterketen emozio maila areagotzeko asmoz; Aldi berean lehiatzen ez zeuden kirolarien artean  konparazioak egin ahal izateko, industrializazioak eragindako aurrerapen tekniko eta zientifikoez baliatuz erregistroak eta markak kuantifikatzen hasi ziren; Errekorra sortu zen, kirolariak aurrez aurre duten arerioa gainditzeaz gain, garai eta aurkari guztiak gaindituko dituen markak lortzera bultzatuko dituena; “Apustu zientifikoa”, esfortzu eta indar pertsonalaren balorazioan oinarritua; Talde lanari garrantzia ematen hasi ziren, gizabanako bakoitzak taldearen onurarako lan egin behar zuela onartuz.
1800-1840
XIX. mendearen hasieran, Europan, aurreko mendeko mugimenduei (liberalismoaren sorrera,  Frantziako iraultza … ) jarraipena emanez, burgesia garatuz eta indar hartuz joan zen, eta Europan hedapen handia izan zuen. Bestalde, industria iraultzak ere bere hazkundearekin jarraitu zuen, 1840. Urtera arte, gutxi gorabehera.






XIX.mendearen hasieran kirolak bere hedapenarekin jarraitu zuen, garai hartan kultura ingelesak zuen dinamismoari esker, hein handi batean. Horrela, kirola hainbat ikastetxe eta unibertsitatetan sartzen hasi zen, ikasleen aisialdi praktika bezala.  “Public School” izeneko ikastetxetan adibidez, lur sail handi batzuk hartzen zituzten kirola eta jokoak praktikatzeko. Nahiz eta kirolaren praktika beharrezkoa ez izan, konpromiso sozial bat zen kirola praktikatzea.
1829.an, Thomas Arnold jarri zen “Public school”aren buru, eta hainbat erreforma jarri zituen indarrean: Kirola eta jokoak lur sailetan praktikatzetik eskolako patioetan praktikatzera pasa ziren, eta honek joko eta kirol hauen praktika antolatzea ekarri zuen; hau da, eremua mugatzen hasi ziren, arau gehiago sartzen joan ziren eta arbitroak edo epaileak ere agertu ziren.
Arau horiek gerora zabalduz joan ziren, eta arau hauen egokitzapenak eginez ikastetxe askotan zabaldu zen kirol eta joko hauen praktika. Horrela, ikastetxe barnean txapelketak antolatzen hasi ziren, eta gerora ikastetxe artekoak ere sortu ziren. Ondorioz, ikasle asosiazioak etab. sortu ziren eta lehen sostengu ekonomikoak bilatu ziren (aldizkarien babesa …) . Beraz, garai honetan hasi ziren lehen klubak finkatzen.
Prozesu onak emaitza oparoak eman zituen, eta nahiz eta hainbat kritika jaso (medikuen eta elizaren aldetik batez ere), erreformak eta kirolaren hedapenak aurrera jarraitu zuten.
1840-1875
Aurrez aipatu bezala, XVIII. mendean patroitza kirolaren kontzeptuak kirola praktikatzen zuten pertsonen (nekazariak … ) profesionalizatze prozesu bat  ekarri zuen, baina hala ere “gentleman” edo goi klaseetako gizonek ez zuten inongo arazorik nekazari profesionalizatu hauekin lehiatzeko, hala irizten zuten unean. Baina XIX. mendean klaseen arteko diferentzia areagotu egin zen, eta jada goi klaseek (burgesiak zein nobleek) ez zuten patroitza kirolarekin profesionalizatu ziren kirolariekin lehiatu nahi. Orduan, kirola praktikatzen jarraitzeko, goi klaseek “amateurismoa” sortu zuten  kutsu profesionaletik aldenduz, nolabait esateko.
Horrela, klub amateurrak sortuz joan ziren, eta jokoa bideratzeko eta txapelketak antolatzeko euren arau propioak idatzi zituzten, bertan amateur kontsideratzen ez zituztenak  (diruagatik lehiatu dutenak, kirol munduan soldata bat jaso dutenak, zenbait langile … ) baztertzen zituztelarik.
Profesionalak eta amateur kontsideratzen ez zituzten pertsonak baztertzeko arrazoia honako hau zen:  Goi klaseek uste zuten kirola soldata edo ordain baten truke praktikatzen zuten kirolariak abantaila bat zutela amateurrengan, profesionalek kirolari eta kirolerako prestakuntzari nahi beste denbora eskaintzeko aukera zutelako, eta zenbat eta gehiago prestatu hobeto, euren ogibidea baitzen; amateurrek aldiz ezin zioten hainbeste denbora eskaini kirolari.
Gainera, amateurrek parte hartzeari ematen zioten garrantzia, errendimendua kontuan hartu gabe. Hau da, ez zuten nahi kirola serioa izaterik, eta horregatik defendatzen zuten ez zela komenigarria asko entrenatzea, errendimenduan zentratzea  eta irabaztearekin itsutzea.
Baina hala ere, kirolaren barne logikaren ezaugarri nagusienetako eta beharrezko bat lehia da, eta beraz kirolak berak eskatzen du  errendimenduan zentratzea, honetarako entrenamendua eta teknifikazioa beharrezkoak izango direlarik.
Horregatik, nahiz eta zenbait ahalegin egin zituzten hau gerta ez zedin (muga sozial gogorrak … ), kirol amateurrak  porrot egin zuen, berehala serio bihurtu zelako, eta kirol profesionala hedatzen joan zen, apustuari eta ikuskizunari loturik.
1875-1900
Garai honetan, gizarteari dagokionez, bigarren industria iraultza eman zen , eta nahiz eta Ingalaterran hasi, berehala zabaldu zen mundu osoko gainontzeko lurraldeetara. Bigarren industrializazio honek merkataritza kapitalista bat ekarri zuen,  eta merkataritza kapitalista honek produktuak zein pertsonak munduan zehar mugiaraztea eragin zuen; hau da, langileen migrazioak, nazioarteko negozioak, produktuen esportazio zein inportazioa … Horrez gain, aisialdirako aukera handiagoa zegoen bigarren industrializazioaren ondorioz.  Horrela, pixkanaka-pixkanaka bizi estilo ingelesa gainontzeko herrialdeetara hedatuz joan zen, eta baita Ingalaterrako kirol eredua ere. Gainera, bai teknologiak eta bai garraiobideek aurrerakuntza nabarmena jasan zuten garai honetan, eta faktore hauek guztiek kirolaren garapena erraztu zuten.
Kirolean zentratuz berriz, bi gertaera dira aipatzekoak XIX. Mendearen azken urteotan:
Alde batetik, kirolak antolaketa instituzional bat bereganatuko du. Hau da, amateurismoaren edo kirol burgesaren garaian sorturiko klubek  bat egin eta federazioak eratuko dituzte, eta bertan, asanbladen bidez  arauak zehaztuko dituzte, kirol bateratu eta unibertsala defendatuz. Honekin batera, garai honetan kirol klub ugari sortu ziren garai honetan.
Bestalde, aurrez aipatu bezala, Ingalaterrako kirol eredua mundu osoan zehar zabaldu zen:
Hasiera batean  Estatu Batuetara (Kirol instituzioek hedapen izugarria) eta Britainia Handiko kolonietara (gizarte klase altuko kirolak, besteak beste) zabaldu zen.
Gerora, Estatu Batuetan, Ingalaterrako kirol ereduan oinarrituz, kirol nazionalak sortu ziren (beisbola, futbol amerikarra … ), Ingalaterrako kirol nagusien antz handia zutenak.
Europan berriz, beranduago zabaldu zen kirol ingelesaren eredu hau. Batetik, aurrez aipatutako migrazioagatik eta merkantzien garraioagatik, eta bestetik, hezkuntza harremanen bidez (“public school”en ospea zela eta, burges europarren semeak bertara joan ziren ikasketak burutzera, bertan kirolera afizionatu zirelarik, eta gainera, eskola honen antzekoak sortu ziren Europa osoa zehar).
Kirolaren hedapen hau zela eta, lehen nazioarteko lehiaketak sortzen hasi ziren XIX. mendearen bukaeran: Errugbian lau nazioen txapelketa, txirrindularitzan Frantziako Tourra, Joko Olinpikoak (nahiz eta ez zuten gaur egungoek bezalako osperik lortu), tenisean “Wimbledon” bezalako txapelketak …
Kirola geografikoki hedatzeaz gain, egoera sozialean ere zabalkundea izan zuen kirolak: Erakunde politiko zein sozialak jarduera fisikoak antolatzen hasi ziren biztanleak bereganatzeko eta euren alde jartzeko asmoz; komunikabideek emaitzak berehala helarazteko zuten gaitasunak apustu bulegoak irekitzea eragin zuen, kirol praktika gizarte klase baxuetara zabaldu zen, kirol batzuetan lehiaketa eremu amateurra eta profesionala bereizi ziren …
Gainera, Europan zabaltzerakoan, kirolak dibertsifikazioa prozesu bat jasan zuen:
Alde batetik, kirol Burgesa zen joera nagusia, burgesek osatutako klubek (kirol klubak, beste inolako ideologiarik gabe) zimendatua. Hasieran klub hauek kirol desberdinetan zituzten sailak, baina gerora kirol bakarrera mugatzen ziren klubak ere agertu ziren.
Bestalde, hainbat mugimenduk bere kirol klubak sortzeari ekin zioten: bai langile mugimenduari lotutako nazio mailako zein nazioarteko elkarteak, kulturari hertsiki lotutako langile olinpiadak antolatzen zituztenak;bai mugimendu nazionalistari lotutakoak; elkarte feminista, kultural, naturalistek ere euren klub propioak eratu zituzten …
Guk aztertu ditugun talde kirolak kontuan hartuz, praktikatzen hasi zen lehen talde kirola kriketa izan zen. Nahiz eta askoz jatorri urrunagoak izan, Cricket-a Ingalaterran patroitza kirolaren kontzeptuarekin hasi zen garatzen. Hau da, industrializazioak ekoizpena handitu eta beste hainbat onura ekartzeaz gain, jendeak astialdi gehiago izan zezan eragin zuen, eta horrela, gero eta gehiago praktikatzen zen kirola, patroitza kirolaren eredua, zehatzago esateko. Horrela, pateoitza kirol honetan garau zen lehen kiroletako bat Cricketa bera izan zen, landa aristokraziak zein jauntxoek kirol honetako partida ugari antolatzen zituztelarik, bet apustuari eta ikuskizunari lotuta. Gainera, cricketa urteak aurrera egin ahala garatuz joan zen, eta garapen honek nolabait gizartean ematen ari ziren aldaketak islatzen zituen.
Gainerakoetan, gehienek XIX . mendean dute jatorria (Beisbola 1845ean, baina gainerakoak XIX. mendearen azken herenean), eta gainera, horietako asko Amerikako Estatu Batuetan sortuak dira (hockeya eta warpoloa Britainia Handian). Honen arrazoia honako hau da: Bigarren Industria Iraultza XIX. mendean Ingalaterran hasi zen, eta industrializazio prozesu horrek produktuen esportazio zein inportazioak eta pertsonen migrazioak ekarri zituen. Orduan, langile ingeles ugarik atzerrira emigratu zuten, momentu hartako bizimodu ingelesa beste hainbat herrialdetara zabalduz. Ingeles bizimodu hau  batez ere AEB-n txertatu zen, eta bizimoduarekin batera, kirol praktikaren ohitura ere iritsi zen Estatu Batuetara. Hau da, Ingalaterran aisialdian kirola praktikatzeko joera zegoenez, AEB-ra iritsi zen aisialdiko praktika hori (nahiz eta “gentlemanei” bakarrik eragin).  Horrela, Ingalaterran ez ezik AEB-n ere kirola garatzen hasi zen, Ingalaterrako kirolaren era berdintsu batean.
Hasiera batean, XIX. mendearen erdialdean, Ingalaterrako orduko kirolak oinarri hartuz, hauen aldaerak sortuko dira estatu Batuetan, AEB-ko kirol nazionalak deiturikoak. Aldaera horietako bat da guk aztertu dugun talde kiroletako bat; beisbola hain zuzen ere.
Baina urteek aurrera egin ahala, AEB-n kirola bere garapen propioa izaten hasi zen, eta beraz, XIX. mendearen azken herenean kirol berriak sortuko dira lurralde hartan. Besteak beste, garai honetan sortzen dira guri interesatzen zaizkigun saskibaloia (1891, , Kanadan hotz handia egiten zuenez, neguan tenperatura baxu horietatik saihesteko eremu itxi batean jokatzeko jarduera baten beharraz) boleibola (1895, negozio gizonentzako jarduera dibertimendu gisa) … Ingalaterran ere kirolak ez zion garatzeari utzi, eta gero eta kirol gehiago sortuz joan ziren AEB-n bezala, tartean waterpoloa eta hockeya.
Gainera, dakigunez, pixkanaka pixkanaka gizartean arau eta lege gehiago ezartzen joango dira (gerrateen ondoren arau berriak sartzea aprobetxatuz … ). Horrela, urteek aurrera egin hala arau eta legeen berrikuntzen bidez bake prozesu bat garatuz joan zen; eta honek zibilizazioaren psikogenesia ekarri zuen: hau da, gizartearen arauak barneratu eta onartzen da arau hauek errespetatuz elkarbizitza errazagoa izango dela. Baretze prozesu hau XVII-XVII mendeen bitartean hasi zen, baina geroraere jarraitu izan zuen, eta hori gure talde kiroletan ere islatu izan da.
Erdi aroko kirolekin alderatuz, aro modernoko kiroletan (gure talde kiroletan barne) bortizkeria murriztu eta paseak bultzatu izan da, baina kirol modernoak beraiek ere bortizkeria murrizketa bat jasan dute garatuz joan diren heinean, guk aztertutako kiroletan ikus daitekeen bezala: adibidez, saskibaloian faltak sartu zituzten hasierako araudietan, boleibolean sarea altuago ezarri eta beste aldera pasatzeko taldekideen artean 3 pase egin beharra (pasea bultzatu), waterpoloan ere arauak aldatuz joan dira, pasearen mesedetan … Hau da, hasiera batean partida hauek indarreko lehiaketak ziren, ia paserik eman gabe burutzen zirenak; baina gerora, araudiak aldatuz joan dira bortizkeria murriztuz eta pasea zein talde lana bultzatuz.
Horrez gain, garai honetako kirolaren historia orokorrean aipatu bezala, XIX. mendeko azken hamarkada honetan hasiko dira lehenengo kirol instituzio modernoak. Instituzioen sorrera hau ere Ingalaterran eman zen, baina aurrez aipatutako hedapenari esker AEBn ere garai honetan hasi ziren lehen instituzioak sortzen. Instituzio (klub, federazio … ) garrantzitsuenetako batzuk, gainera, guk azterturiko kiroletakoak izan ziren: Beisbolean, adibidez, lehen taldeak 1869an hasi ziren loratzen, eta handik urte gutxira, 1876an, lehen liga antolatu zen; hockeyan, Ingalaterran, 1875 ean “The Men Hockey Association” izeneko erakundea sortu zen; Nazioarteko Igeriketa Amateurreko Federazioa (amateurismoari loturik) ere garai honetan eratzen da  … Kirol instituzio horietako asko araudiak sortzeko helburuarekin sortzen ziren.






Espainiari dagokionez, kirola 1870.urte ingurura arte ez zen kirola Espainiara hedatu, eta beraz, garai honetatik aurrerakoa aztertuko dugu Espainia mailan. Berandu sartzearen arrazoi nagusia katolizismoa da, oso ideologia kontserbakorra baitzegoen eta ez baitzuten aldaketarik onartzen.
Garaiko egoerari dagokionez, garai hura Espainian errestaurazioak markatua izan zen, zeinen ondorioz Borboiak berriro ere agintean jarri ziren. Ordura arte Espainian errepublika garaia zen, baina 1874an Martinez Campos jeneralak emandako estatu kolpeak errepublika honekin amaitu eta berriro ere monarkia konstituzionala  ezarri zuen, Borboi familiako Alfontso XII.ak erregetza bereganatu zuelarik. Errestaurazioa ezartzearekin batera Estatuaren barnean eredu liberalago bat garatuko da, eta horrez gain, garai honetan Industria Iraultzan loratutako mugimendu sozial eta politikoek jarraipena izango dute. Sistema politikoan zentratuz,  Alfontso XII.ak aginte politikoa bi alderdiren esku utzi zuen: alde batetik Canovás del Castilloren alderdi liberal kontserbatzailea, eta bestetik Mateo Sagastak zuzendutako alderdi liberal fusionista edo progresista (aurrerakoiagoa).
Monarkia hau, gainera, katolizismoaren aldekoa zen, eta 1876ko konstituzioarekin Estatuko erlijio ofiziala katolikoa izendatzeaz gainera, beste erlijio baten inguruko aldarrikapen publiko oro debekatu zituen.
Ekonomikoki berriz, zailtasun estruktural handiak zeuden, sistema protekzionistak lehen sektorearen garapena oztopatu baitzuen, eta industriak ez baitzuen Europako beste lurraldeetan bezalako garapenik izan (nahiz eta Euskal Herrian, Katalunian … garatu zen).
Gainera, sistema monarkiko honek ezarritako zentralizazio administratiboaren ondorioz Euskal Herriak zein Kataluniak hainbat eskumen galduko zituzten, eta ondorioz nazionalismo euskaldun eta katalanek honen aurka erreakzionatuko dute.
Baina Alfontso XII.a hiltzean (1885ean) bere emazte Maria Cristina jarri zen agintean, eta honek botere politikoa  Mateo Sagastaren gobernuari eman zion hasiera; eta Sagastaren gobernua Canovas del Castillorena baino progresistagoa izanik, hainbat aurrerapen eman ziren: prentsa askatasuna, sufragio unibertsalaren zabaltzea (1890.urteaz geroztik gizonezko guztiek boto eskubidea, Alfontso XII.aren erregealdian ez) … Honekin batera, garai honetan anarkismoa eta sozialismoa agertuko dira, PSOEren eskutik (1879an sortua), industria iraultzan sorturiko lehenengo langile mugimenduei jarraipena emanez.
Beraz, esan daiteke garai honetan gizartea hainbat sektoretan banandua zegoela: alde batetik kontserbakorrenak zeuden, monarkiaren aldekoak, aldaketen aurrean malgutasun gutxi erakusten zutenak, klase sozial berrien aurak zeudelarik; beste alde batetik ideologia desberdineko mugimenduak bultzatu zituen gizarte taldea zegoen, errepublikaren eta nazionalismoaren aldekoak, burgesia berriaren ordezkariak; eta azkenik proletarioen taldea bereizten zen, PSOE, UGT … sindikatuen barnean biltzen zena.
Hasiera batean, errestaurazio garaiak egonkortasun instituzional bat ekarriko du, baina hala ere, epe luzera porrot egingo du eta arazo handiak eragingo ditu (korrupzioa politikan …). Porrot horren eragile nagusiena 98ko hondamendia izan zen, non Espainiak, Estatu Batuekin izandako gerra baten ondoren, Espainiak bere azken koloniak galdu zituen, eta horrek gizartea erabat hondoratu zuen, eta gobernuak ere hondoa jo zuen.
Kirolari dagokionez, esan bezala kirola berandu sartu zen Espainian, 1870.urtean hain zuzen ere, gorabehera politiko eta ekonomikoen eta ideologia kontserbadorearen ondorioez, besteak beste.
Arazo horiek zirela eta, kirola Espainian berandu sartzeaz gain, prozesu hori motela eta irregularra izan zen.  Batez ere hiri guneetan sartu zen, eta baita atzerriko eragin handiko  guneetan, Europako burgesia ohiturak barneratu zituzten lurraldeetan eta Espainiako gizarteak modernizatzeko nahiak zituzten taldeen artean ere.
Espainiako kirolaren garapen honetan  zeresana izango du Ongizate kulturak, kirola ulertzeko erreferentziazko objektu bihurtuko baita. Horrela, XIX. mendeko 80. hamarkadan garatutako joera honek kirola osasunarekin eta edertasunarekin lotu zuen.
Bestalde, mende amaieran beste zenbait joera ere zabaldu ziren. Adibidez, 1998.urtean “Higienearen Kongresu Nazionalak” ariketa fisikoa eta medizina fusionatuko ditu; gaixotasunak, sedentarismoa … ekiditeko gimnasia praktikatzen hasiko da biztanleria; gimnasioak sortuko dira ariketa fisikoa egiteaz gain, gizarteratzeko … Mugimendu hauek guztiek Espainiako kirolaren garapenean funtsezko elementuak izan ziren.
Kirolei dagokionez, hainbat kirol modalitateen adopzioa, eta haien onarpen sozial eta kulturala XIX. mendearen azken urteotan eman zen. Bestea beste, futbola, txirrindularitza (instituzionalki antolatutako lehen kirola Espainian, 1895ean Espainiako Txirrindularitza Federazioa sortu zelarik)  eta  gimnastika izan ziren XIX. mendearen amaierako kirol entzutetsuenak.
Azkenik, mendearen azken urte horietan kirol publizitate eta prentsarako hainbat baliabide sortzen dira: “El Velocipedo”, “El Ciclista” …
Gure kirolei erreparatuz, nahiz eta Espainian hainbat kirol modalitateren adopzioa eman zen garai honetan, gure intereseko talde kirol hauetariko gehienak oraindik ere  ez ziren bertara iritsi, baina hala ere XIX. mendearen azken urteotan kirol hauetako bat edo besteren berri izan zuten lurralde honetan: beisbolaren berri, zehatzago esateko. Beisbola 1870. urte inguruan hasi zen munduan zehar zabaltzen, misiolari iparamerikarrek Japonian sartu baitzuten garai hartan. Baina gerora, AEB-ko beisbol klubak munduan zehar birak egiten hasi ziren beisbola sustatzeko asmoz, eta poliki poliki mundu guztira zabaldu zen. Orduan, Espainiara 1896.urtean heldu zen, “el pelotari” aldizkariaren eskutik.
Euskal Herrian, errestaurazioak alde batetik  sistema kapitalista eta burgesia garatu eta finkatu zituen ; baina hauen aurkari zen proletario taldea ere garatu zen.
Bestalde, errestaurazio garai honetan 1876an onartutako konstituzioak eragin zuzena izan zuen euskal lurraldeengan, foruen desagerpena ekarri zutelako, baina baita antzinako erregimeneko estamentuzko gizartea eta nekazaritza tradizionala desegin zituelako ere. Gertaera hau izan zen nazionalismoen erreakzio gogorrak eragin zituena.
Ekonomikoki, Espainian ez bezala, garai honetan industrializazioak eragina izan zuenez, euskal ekonomia modernizazio garai batean murgildu zen. Industria iraultzaren eraginez industrialde ugari eraiki ziren, batez ere Bilbon, nahiz eta gerora Gipuzkoako hainbat eskualdeetara ere zabaldu ziren.
Horregatik, kanpotik langile ugarik inmigratu zuten euskal lurraldeetara, eta ondorioz, ordura arte ezagutu ez zen hazkunde demografiko bat eman zen, Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere, demografia hazkunde honek eta industria iraultzak euskal lurraldeetako bizimodua erabat aldatu zutelarik.
Bestalde, Espainian egin bezala, langileria mugitzen hasi zen Euskal Herrian ere: sindikatuak antolatu zituzten, politikan eragina izaten ahalegindu ziren alderdi politikoetan sartuz, noiz edo noiz jarrera iraultzailea ere bereganatu zuten …
Kirolari dagokionez, Euskal Herrian ere garai honetan hasiko da kirol praktika sartzen, Espainiaren antzera; baina hala ere gure lurraldean garapena zertxobait azkarragoa izan zela esan dezakegu, industrializazioak eragin handia izan zuelako, eta horregatik kanpotik etorritako langileek euren bizimoduaren eredua ekartzen hasi ziren, bertan kirol praktikaren ohitura barneratuz, besteak beste.  Guk aztertutako talde kirolei dagokionean, talde kirol hauek oraindik ere ez ziren Euskal Herriran sartu ere egin garai honetan.

































No hay comentarios:

Publicar un comentario